XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

22 Entzun, entzun, lore urdin hori...

ANNIKAK sekula ez zuen azaldu interes berezirik estatua egipziarrekiko.

Davidek ere ez.

Jonasek beste inork ez.

Eta orain, Jonasek estatuan pentsatzeari utzi ziolarik, Annika harekin arduratzen hasi zen.

Eta ez altxor galdua zelako, museo-pieza zelako, ezpada Emilie Selanderrentzat zeukan esanahi berezia zeukalako; hain berezia, non azkenengo orduetan ere harekin arduratu baitzen.

Nolako patua!

Emiliek arrazoi zeukan esaten zuelarik Andreas ez zela hilik, eta artean bizirik zegoela.

Sarri hurbiltzen zen haren landarera, Andreasen presentzia somatzen zuen, bizitzaz blaituriko haren pentsamenduak sentitzen zituen.

Landareari eskatu zion Andreas hilik baldin bazen seinaleren bat emateko, hosto jakin bat zimurtzen utziz.

Eta hori gertatu beharrean kimu berriak sortu ziren hosto haren inguruan.

Emiliek etengabe aurkitu uste zituen Andreasek bizirik jarraitzen zuela adierazten zioten zeinuak.

Baina inguruko pertsona guztiek burutik eginda zegoela uste zuten.

Urrikaldu egiten zuten eta azkenean beste batekin ezkontzeko komentzitu zuten.

Haren hobe beharrez egin zuten, noski; Andreasek ez baitzuen bizi-seinalerik ematen.

Zergatik jokatu zuen horrela mutilak?

Ba al zekien nolako mina egiten zion?

Gutunek adierazten zuten oso harrotsu zegoela.

Ez al zuen Emiliek horretan sekula pentsatu?

Segur asko ez.

Andreasentzat bizi zen bakarrik.

Hari emana bizi izan zen beti, gero, bizirik izan zen bitartean, bere bizitza aitari eskaini zion bezalaxe.

Emilie gaixoa..., ez zuen sekula bere bizitza bizi izan!

Bere aitak Andreas hil zuela aitortu zionean, Andreas hilik zela sinestera heldu zen.

Orduan itzali zitzaion itxaropena, eta bizipoza galdu zuen.

Une hartan gogoa estatuaren inguruan hasi zitzaion mugitzen.

Sinesten hasi zen madarikazio bat zeukala bere gainean, eta estatua zela bere zoritxarraren iturburua.

Horixe zen aukera bakarra bere aitak Andreas hil izana azaltzeko; ezin izan zuen eragotzi, (...)